Frantzisko Lopez Alen

 

JOSETXO

 

 

 

 

Gure biotz guztiko

seme

Maite-maitegarriari:

Bere gurasoak

Bildurik, emen, batean,

Beren ansi ta malkoak,

Berak ill da gero ere, geldi ditezen

Iñoiz banatu gabe,

Ipintzen diote aingeru arren

Oroimengarriari

Oroitz au

 

Donostian

1896

 

 

Irakurtzalle Adiskidea

 

       Lan txiki ontan bildu ditut berso banako batzuek, daudenak donkituak, itzez, izkribuz eta guztia osorik nere aur txit maitegarrien oroimengarriari.

       Utz aundia utzita banatu zait ura: berso ibillera abek ipiñi ditut etorri ala, nere zentzuak dizkion bezela, batere berritu ta legundu gabe, orregatikan baliteke berdindu gabe daudela esango duela norbaitek irakurtzen baditu, bañan ainbat nayago neretzat ori esatia.        Lorea naiago det ikusi, bere sarjiñean, arantz eta arkaitz tartean, paper zuri moldatuko sorta apainduan bañan.

       Maitetasuna ala da obeago, eta fiñago, barrenen senti dan bezela adiarazirik, bere arantz eta ezti dontsuarekiñ nasturik dan dan bezela.

       Ori da osto abetan ipiñi ditudan ansiak.

F. Lopez Alen

 

 

Joxetxo

 

                            Bere eriotzaren

                            Zortzi egun lenagoz

 

 

I

 

«Izan edo ez izan»

Esan zuen jakintsuak:

Izan edo ez izan

Erantzuten du munduak:

Gaur esaera orrek berak

Nastutzen dizkit pentsamentuak.

Zu!... irakurtutzen au ai zerana

Baldin arkitzen ontan badezu

Zure gogoko ez dan gauzarik...

Etzaizula ezer!

Baña, a! iñoiz izan bazera

Aur naigarrien aita maitea

Eta biotza baldin bakazu

Penen meriyoz menderatua

Ta samindua eta urratua,

Orduan... a! baliteke

Alkar-aituko gerala biyok.

 

 

II

 

Bitarte ontan ez gau ta egunik

Etzait batere gogoratutzen.

Egonleku bat topa nai nuke

Ezer ’e ez dana iñoiz ikusten.

Ez det kalerik biar geyago,

Ez det ezer nai dana konsola.

Aronz nai det nik non dan arkitzen

Ez beste gauzik ez! ez! iñola:

Non arkiko zaitut ai! maite!

Bizirik nago... baña noiz arte!!

 

Baña noiz arte...! bai! ori diot

Gaizki edo ondo esana bada

Nere zentzuak, ez beste iñork

Adiarazitako asmoa da!

Zer da bizitz au...! Nere albotik

Nork banatu du nere maitea:

Sustraietatik nork urratu nau

Ainbeste nai genuen lorea!

Zer gauza zaizkit iduritutzen!

Zenbat ots nigan diran aditzen!

 

Nere biotza, nere zentzua

Nere izatea, neroni dana,

Dardaraturik naukate mende

Nai nukiana ezin esana!

Ta pillan-pillan jarritzen zaizkit

Oroitzak eta idurimenak

Ta bat egiñik bildutzen zaizkit

Lurreko atsekabe den-denak:

Ez banintzake orla sentitzen

Nola niteke onla mintzatzen!

 

Udaberria nola negua

Gaur neretzako dirade berdiñ,

Tximist-turmoiak ez nau bildurtzen,

Loreak ere ez nau atsegin!

Ta ala jaiotzak, nola eriotzak

Gu geran dana zer da besterik?

Izate utsa, kea, baterez,

Oiek ez dira neretzat baizik:

Bañan ala ere zer gogorra dan

Gure samiña lurraren gan!

 

A! nork ematen dio indarra

Jaiotzekoa gauza danari,

Nola itsasoan ta legorrean

Nola sortzen da izate ori;

Bale aundia nork bultzatzen du

Itsas aundia arro-arrorik:

Eta arranoa egazti aundia

Nola ez da erortzen goi-goietatik:

Eta nik maite detan Joxetxo

Nor eragiten nau ain maitetxo!

 

................................................!

 

Nork zuk ez bada, bai! Jaungoikoa!

Zu aztu eta zer da munduan...

Bañan gure aurra, zegona ain ondo

Bere amaren ondo-onduan

Nora da juan? Toki obera?

Ai! ala bada, ala izan bedi!

O! Jaungoikoa zu gabe zer da!

Bañan zu gabe zerbait bagiña

Gure izatea litzake gauza

Erretzekoa egiñik autsa!

 

Orregatikan nere oroipena

Urikalduen gaixo antzera,

O! Jaungoikoa etorkizunan

Argia azaltzen zait aurrera.

Noski gure aurra eraman dezu,

Gu gauden baño toki obera,

Baña noiz berriz laztanduko det

Nere besoan len-len bezela:

O! Jaungoikoa izan dedilla

Zuri dizun ai! borondatea!

 

 

III

 

O! zer artsalde ixilla dagon!

O! zer! Illuntza geldi-geldia!

Aizeak ere mugitzen ez du

Arbolak daukan osto berria!

An urrutiyan iya itzalpean

Azaldutzen da gurutz eztia:

Odoi illunak estaliko du

Eta arratsak aurki guzia

Gordeko ditu trankil gabean

Nola itsaso nola mendia!

Ez det arkiko iñoiz munduan

 

Nere biotzak nai duen gauzik!

Ez du sentitzen nere izateak

Maite-maitetxoen oroitza baizik!

Orregatikan illun aldera

Jartzen naiz gora begiraturik!

Bañan gabaren zeruko izarrak

Ikuste’ez ditut aiek besterik!

Eta gabaren lenengo intza

Isuritzen zait begietatik.

 

Bai... itzalpean bildu dana...

Illargirikan ez da azaltzen

Mendien maldan dan baserrien

Leioko argia doi-doi da igartzen!

Arkaitz azpiko erreken otsaila

O! zer garbiro detan aditzen!

Ene biotza! ene zentzua!

Zer nai nazute orla nastutzen...

Eguna illuntzen duben ezkeroz

Zenbat geiago degun ikusten.

 

 

III

 

Zure ille kixkurrak

Alde banaturik;

Arpegi biribilla

Barrenen bildurik:

Zure masail gorrixkak

Ta larru zuria

Zure gan zenituen

Maitetxo eztia.

 

Txapela egoduna,

Luma bere jiran,

Soñeko grisa eta

Ubela gerrian.

Galtxeta beltxak eta

Belaun gorrian,

Onela ikusten zaitut

Oraindik kalian.

 

Zortzi egun lenagoz

Zure eriotzaren

Esan bezela alai

Ziñaden arkitzen;

Urrengo igandeko

Nor pentsatu leiken

Gure gandik Joxetxo

Zala zeruratzen

 

Bost illabete ontan

Maitetxo neria

Lorez estalitzen den

Zaudezen obia;

Eta bidean biltzen

Ditutan loriak

Baratz eta mendiko

Ori ta gorriak,

Ipiñitzen ditugu

Egiñik gañian

Gorriakin gurutza,

Koroak azpian,

Moreak ta zuriak

Jarririk nastian,

Eta zure izena

Danaren oñian.

 

Urrengo igandean

Joaten naizenean;

Zure gaingo loreak

A! igarturikan

Egoten dira denak

Jarriak lengoan!

Bañan berriro jartzen

Ditut an ordean

. . . . . . . . . . . . .

A! zure gorputz ximur

Ta igarra

Piztutzeko balitz

Malko negarra!!

 

 

IV

 

Ez nazazutela iñork galazi!

Zaute ixilik

Arkaitzetako

Egazti kantariak!

Arnase!... etzaitezela

Ez, iñoiz larritu!

Gorputza...! itzul nai dezu joan?

Estuasun ori

Zerk eragiten nau: esan!

Zaude, zaude! nagon, nagon!

Etzaude bada!... ez nago bada

Leku naigarrienean!

Etzaude zelai santua?

Ez nago nere aita

Eta nere ama

Eta nere Joxetxo maitea

Lotan betiko dauden lekuan!

Ez degu maite jaio etxea?

Eta menditarrak bere etxola?

Eta enarak bere kabiya?

Eta mariñelak itsasoa?

Eta bildotsak estalpea?

Eta piztiak belar azpia?

Eta zergatik ain maite

Edo geiago

Ez degu izan bear

Lur santu ori!

Guretzat prest dagon

Zulo ori!

Pakean sekulako

Desegin bear degun lekua!

Obi dontsu orren barrenen

Ez da gauz doaitsua

Batutzia

Alkar maite izan ziranak

Lurren gañean?

Eta gero or bertan

Gure puskak, gure antza

Nastuturikan

Gure otoitz danakin batean.

. . . . . . . . . . . . .

. . . . . . . . . . . . !!

O! Jaungoikoa! Ez nekien

Zer nintzan ari!

Zure obi gañera begiratuaz

Ametsetan bezala nijoan banatzen!

 

 

V

 

Zer bakartasun naigarria!

Zer zeru urdin garbia!

Lore gañera ere

Abiya da erlia

Zebillena jiraka

Zumo aren billa.

Eta nagon lekutik

Sentitzen det

Enararen ziyara

Ega zorrotza,

Eta maldan dijoan

Gurdien otsa.

 

 

VI

 

Agur Joxetxo, nere asmoak

Besterik ez dira izan

Nere penari lasaitasun bat

Ematia baizikan:

Gaur gaur bezela ez nau bildurtzen

Eriotzak iñondikan,

Ta ill bearrak poztutzen banau

Badakizu zergatikan?

Zergatik maite nere maitetxo

Izango det besoetan.

Eta laztantzen guztiz maiterik

A! geralako gu zeruan

Ginan bezela lurrean!

 

Donostian

Jaio eta ill zan

Joxetxo:

1893 garren urteko Apirillaren X-an

eta

1896 garren urteko Otsaillaren IX-an

 

 

Ama Baten Otsa Seaskaren Ondoan

 

                     Nere Semeari

 

 

I

 

Zer darabiltzu nere maitia?

Nork du maitetxo esnatu?

Ametsetatik ain ondo zeunden

Nork ote zaitu ernetu?

Norentzat dira far-irri oiek?

Nori bigaltzen dizkatzu?

Zu esnatutzen zeran guziyan

Ama jartzen da kontentu.

 

Zeñenak dira muxu gorriyak

Maindiriaren orrian

Diruritenak lorak daudenak

Sarjiñen osto tartian?

Nork zabaldutzen ditu algarak

Orren alaitxo etxian?

Nork jarri zaitu usai gozozko

Seaska txuri-txurian?

 

Aitatxo aurki datorrenean

Lanetik zure ondora,

O! zer pozakin laztan-musuka

Zaitun artuko besora!

Ta bitartean gure Joxetxok

Titia artuta gerora,

Lo egingo du, amak etxeko

Lanak egiñik gustora.

 

A! nik ikusten zaitutanian

Lotan zaudela geldirik

Ille kixkurrak darizutela

Kopetetikan jetxirik,

Orduban nere barrenak ez du

Pentsatzen beste gauzarik

Jaunak zuretzat etorkizunan

Zer ote daukan gorderik!

 

Ez...! etzazula negarrik egin

Amatxo dago ondoan

Eta negarrak amatxori gaitz

Egiten dio kolkoan,

Ez, ez maitia, atoz nigana,

Artuko zaitut besoan

Ikus itzazun mutill txikiak

Jolasten gure auzoan.

 

 

II

 

Illunabarra badator

Gauza guztiak estaltzen,

Eguzkia zitubenak

Aiñ ederki apaintzen

 

Nere ondoko leiotik

Aditzen det, zer gozo!

Aurrari nola ari dan

Ama kantari erazo:

 

«Nere maitia lo ta lo

Egingo degu gozoro.,....

Zuk orain eta nik gero

Biyak egingo degu lo!... o!... o!.,.»